XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kasu guztiotan arretaz eta kontuz ibili behar da beti.

Lekukotasunen segurantza ongi pisatu beharra dago aldaketarik (edo ulerpen berezirik) egin ote duten asmatzeko.

Poesian, gainera, inoiz aipamenak buruz egin izan dira edota ahoz ahozko igorpen baten ondoren.

Dakidanez inork ez markatu arren, hori da, esate baterako, Isastik (I.) egindako Etxepareren (E.) aipuetan gertatua.

Gonbara bitez beren etorkiekin: honako honetan ezberdintasunen errua ez nuke I.ren memoria eskasean jarriko eta bai E.ren obraren zati batek izandako ahoz ahozko igorpenean.

Gogora bedi hasteko E.ren bertso herrikoiak kanturako zirela eta kantuaz tradizionaltze prozesuan abiatzen direla egiletasuna ezabaturik.

Puntu honetara iristean herri guztia da egile eta, hortaz, aldaerak sortu ohi dira, usu aski urruti direnak aitzintestutik.

Ahozko igorpena ez da inola ere I.-E. auzi hau konpontzeko asmakeria ad hoc: ezagunegia da XVI eta XVII. mendeetan oraindik horrela agitzen zela E. bezain herrikoi ez zen poeta anitzen poesiarekin (Gongora barne!) ere eta gure artean Etxeberri Ziburukoak edo Gasteluzarrek badute herri kantutegietan bildu bertsorik, kantatzeko ontzen bait zituzten ondu ere.

Bestalde, I.ren aipuak honela ulertzeak asko errazten digu Nafarroatik Bizkaira bitartean hedatu balada erlijios zenbaiten etorkia garbitzen.

Aspaldi ohartu ziren ikertzaileak haien eta E.ren bertso batzuen antzaz; Azkuek hitzak zaharrak dira esanaz ez zuen zein zeinetan bilakatu zen ebatzi.

Orain, ordea, ezinbestez E.ri eman behar lehentasuna.

5.5.2. Inprimatuak. Hauetan, oro har, mila ale ala bakar bat pare, edizio bereko guztiak erabat berdin izan ohi bait dira.

Halere, lehen sarri eta orain ere inoiz, aurki daitezke ezberdintasunak are hauen artean.

Bi kasu ezagun aipatzearren har ditzagun Herrera eta Leizarraga.